XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eduardo EUGI Igantziko lasto-altxatzailea

Lasto altxatzen jendeak uste duena baino teknika gehiago behar da

Eduardo Eugik lasto altxatzen Euskal Herriko marka berria ezarri du: bi minututan 21 altxaldi eman zizkion zazpi metroko altuerara 45 kiloko fardoari.

23 urte ditu eta 16 zituenean Nafarroako txapeldun izan zen lehen aldiz. 1994an eta 1995ean ezik, urtero izan da herrialdeko txapeldun.

Euskal Herriko herrialde arteko txapelketan ere garaile izan da azken bi urteotan.

Azaroaren 28an Betelun eginen den errekorren jaialdian marka berri bat egiten saiatuko da orain.

Getxon jokatutako Euskal Herriko herrialde arteko txapelketan lasto altxatzen azkarrena izan zen Eduardo Eugi igantziarra.

Gibelean utzi zituen Bizkaia, Gipuzkoa eta bertze herrialdetako ordezkariak eta horretaz gain, 2l altxaldirekin errekorra hobetu zuen.

Joan den urtean ere txapelketa hau irabazi zuela kontuan hartuz, herri kirol honetan Nafarroa, Euskal Herriko eta kasik, munduko onena dela erraten ahal da.

Pilota hartu eta frontoira joatea edo baloia hartu eta ostikoka hastea errexa da inguru honetan.

Lasto altxatzen hastea, ordea, ez da edonork hautatzen duen kirola.

Igantzin Luis Mari Zelaieta eta Miguel Angel Etxarte hasi ziren Irisarriko Argata baserrian entrenatzen. Nik hori aditu, probatu eta gustatu zitzaidan. Hamasei urte nituen orduan. Hiruek entrenatzen hasi eta udan Nafarroako txapelketan atera ginen eta nik irabazi nuen txapela dio Eduardok.

Geroztik, Nafarroan bederen gehien bat igantziarrak dira kirol honetan aritzen direnak. Azken urteotan Ultzamatik ere ateratzen hasi dira. Halere, Nafarroako txapelketan zazpitik bortz igantziarrak ginen.

Udako erakustaldiekin eta Euskal Herriko txapelketa prestatzen lortutako gorputzaldia probextu nahi dut errekor berria egiteko.

Azkeneko urteotan, Nafarroako txapelketan aritu garen zazpi lagunetatik bortz igantziarrak izan gara.

Udako erakustaldiak eginez eta Euskal Herriko herrialde arteko txapelketa prestatzen egindako lana eta lortutako gorputzaldia aprobetxatu nahi du orain Eugik, azaroaren 28an eginen den errekorren jaialdian marka berri bat eskuratzeko.

Hagitz zaila ikusten dut, baina saiatuko gara. Hilabete exkax falta da eta hain ongi gaudenez, egurra emanen diogu fardoari, ea hogeitabigarrena egiten dugun.

Txapelketak prestatzeko astean hiru lau aldiz entrenatzen du etxe ondoan prestatua duten polean eta udan, astean behin edo bitan, kasik astebururoko erakustaldietaz gain.

INDARRAZ GAIN, TEKNIKA ERE BEHAR DA

Indarra garrantzitsua izanik, ez da kirol honetan behar den gauza bakarra, Eduardo Eugiren ustez.

Ez da dena indarra, ezta pentsatu ere! Gehien bat teknika behar da. Bertze aldetik, petxua ere egin behar duzu arnasa ongi hartzeko.

Igantziko bestetan egindako erakustaldian gurdi proban Nafarroako txapeldunari irabazi bazion ere, ez du bertze kiroletan hastea pentsatu oraindik Eugik.

Momentuz honetan bakarrik ari naiz, baina etorkizunean nork daki, igual bertze batetan hasiko naiz. Zertan ez dut erranen, oraindik neronek ere ez baitakit.